XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Basurdekumea hilzorian laga zuen lekuan, zilueta itzal bat zirriborratzen zen.

Basurdetzarra, kumearen ama.

Inoiz ikusi ez zuen bezalako basurdetzarra.

Bere semetxoa aurkitu zuen.

Ematen zion milika bakoitzeko, gorrotozko distira izpi bat gehiago isladatzen zen bere begietan.

Girrintz bakoitzean bi betortz ikaragarri erakusten zituen.

Segidan, Mieloxinek espero zuen bezala, Xukebuxin begibistan gelditu zitzaion.

Basurde ama, pauso batzuk eman, eta lo zegoenaren aurrean tinkatu zen.

Erasoaren adierazgarri, bi haize bafada bortitz bota zituen.

Xukebuxin bapatean iratzarri zen.

Ez zuen ikusten, baina zerbait zetorkion gainera, eta galanta zen galantik bada.

Alde batera irauli zen.

Urdeak, aurrez aurre jo zuen zuhaitz enborra.

Kaka zaharra! pentsatu zuen Mieloxinek.

Xukebuxin jaiki eta korrika hasi zen basoan behera.

Basurdea, muturrekoaz suspertu, eta izaki txiki haren atzetik abiatu zen mendeku bila.

Mieloxinek larruzko zorroa zekusan pago azpian.

Xukebuxin alde batera aztandu bazen ere, atzetik zetorkion basurdeak saihetsean jo zuen bere albotik txistu bizian pasa zenean.

Ezin gelditu, eta ia erreka guneraino labaindu zen animalia hosto burrunban.

Orduantxe, izotz antzeko harri gardenaz oroitu zen eta atzera jo zuen bere bila.

Baina hara non ikusi zuen basurde aita, orroen artean, larruzorroa hortzetan, hankapean, zirt eta zart txikitzen ari zela.

Nahiko lana bazuen oraingoz bi munstro haiei itzuri egiten.

Gero etorriko zen bila.

Orain bere burua babestu eta gorde behar zuen.